XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...): feudalismoa eta gibelamendua gaindituak utzi zituen, estatu-nazio moderno eta aurrerakoia sortzeko.

Horiek honela, Frantziako Iraultza eredu unibertsal bihurtu zen.

Arrasto honetan, historiografiak urrats identifikagarriak eman ditu; mitoaren eraikitzeak ere bere historia du.

Hasiera, Michelet-en lanetan aurkitu behar zaio (1) Historia erromantikoa da, frantses populuaren epopeia idatzi nahi duena: herria da protagonista, herri frantsesa, bere nortasun nazionalarekin; eta herri honek sortzen ditu, Iraultzaren bidez, libertate eta justiziaren erresuma erdiesteko baldintzak.

Hitz batez, Herriak, Frantziak eta Demokraziak bat dagite.

Hurrengo pauso nagusia Jean Jaurès-ek ematen du (2).

Bere lanak, aitortza esplizitoaren bidez, zientzia eta ideologia biltzen ditu; azpiegitura ekonomiko eta sozialari ematen dion lekuarengatik, lan marxista da.

Baina ikusten ari garen mitoaren eraikuntzan, balore berezi bat ematen dio Iraultzari: haren ustez, Iraultza Handiak demokrazia eta kapitalismoaren hedapena bideratu du eta, hori dela medio, proletalgoaren etorrera eta sozialismoa bera antolatu ditu.

Hitz batez, filosofia iraultzaile sozialistak humanitatearen eboluzioa nola pentsatzen duen ikusirik, Iraultza bide honetan zedarri bat da, bueltarik gabeko egitate aurrerakoia eta, gainera, guztiz eredugarria.

Frantziako marxismoak bide honetatik joko du, gero eta aurrerago.

Albert Mathiez aipatu behar da (3): lan batean (4), Errusiako Iraultza eta Frantziakoa parekatzen ditu eta, irabazteko gaitasuna azpimarratzeko, alderdi leninistaren zentralismo demokratikoa eta frantsesen jakobinismoa konparatzen eta laudatzen ditu.

Nahi bada, ideologiak oso leku handia hartzen du Iraultzaren interpretazio marxista-progresistaren barnean.

Hau esanik, ez nituzke historiografia marxistaren lorpenak eta irakaspenak ahantzi nahi; Georges Lefebvre edo Albert Soboul (5), beharrezko erreferentziak dira.

Baina lan honetan ikertu nahi dena zera da: nola lotzen den, hertsiki gainera, nazio frantsesaren eraikitzea eta iraultzaren esanahi progresista unibertsala; nola, azken finean, progresismo osoz janzten den eredu zentralista, eta, ondorioz, zein erraz identifikatzen diren zentralismoaren aurkako jarrerak eta interes atzerakoi edo kontrairaultzaileak.

Clemenceau-ren hitza asko errepikatu da: (...).